GIBarekin bizitzea

GIBarekin bizitzea

  1. GIB/HIESAren DIAGNOSTIKOA
  2. INFORMAZIOA ETA DESINFORMAZIOA
  3. ERRUDUNTASUN-SENTIMENDUAK
  4. GAITZESPENA ETA DISKRIMINAZIOA
  5. ZEINI ESANGO DIOT? ZEINI EZ?
  6. NOLA BIZI GIBAREKIN?
  7. LAGUNTZA TALDEAK
  8. SEXUALITATEA
  9. HAURDUNALDIA ETA GIBa
  10. ELIKADURA
  11. ARIKETA FISIKOA
  12. GIBarekin BIZI DIRENEN ESKUBIDEAK

GIB/HIESAren DIAGNOSTIKOA
GIBen diagnostikoak, forma ezberdinetan beti ere, zure bizitzan edo hurbileko pertsona baten bizitzan paper garrantzitsua izango du. Jada batzuek susmatzen zuten diagnostiko hau izan zezaketela, beste batzuentzat ezusteko berria da erabat. Guztientzako hala ere, hunkiberatasunez beteriko egoera da, non beldurra, errua, erantzukizuna, mina, gaixotasunarekin aurrez aurre aurkitzeko sentimendua eta heriotza agertu daitezkeen. tokian. Bere seropositibo-tasunaren berri ematen zaio unean intentsitate handiko erreakzio emozionalak izango ditu pertsonak, kontraesankorrak askotan eta lehen une batean asimilatzeko zailak direnak.

Kasu gehienetan, GIBen diagnostikoak beldurra eta nahaste sentimenduetan oinarritutako krisia eragiten du. Gaixotasunari beldurra diozu, gorputzaren hondatzeari, heriotzari. Ez dakizu oso ondo zer gertatuko den. Ez dakizu besteei zer esan. GIB beste batzuei transmititzearen beldurra duzu.Diskriminazioa jasateko arriskua dago, zure lana eta diru-sarrerak galtzeko mehatxua. Isolamenduaren eta dependentziaren beldur zara. Bat-batean, gerta daiteke zure bizimodua eta sexualitatea bizitzeko modua eztabaida gai bihurtzea. Zure identitateko zati bat eraginpean dagoela dirudi.

Seropositiboa izateak sentimendu eta emozio desberdinak sortuko dizkizu. Seropositiboa zarela jakin osteko lehen hilabeteak zailak eta gogorrak dira emozionalki, eta ondoez honek iraun dezake. Denbora pasa ahala, babesa bilatu eta jasotzen baduzu, sentsazioa hauen intentsitatea gutxitu egingo da.

Ez zara salbuespen bat horren zaila den egoera honetan zure sentimenduekin zer egin ez badakizu. Denbora zein arreta eskatu eta jasotzeko eskubide osoa duzu, bikote, lagun eta familia kideen gisan.

INFORMAZIOA ETA DESINFORMAZIOA

GIBa patologia berria da. Medikuntzak horren garapen azkarra izateak pazienteak informazio berri, nahasi eta batzuetan kontraesanezkoa jasotzea bultza dezake.

Garapen azkar hauek eta sortzen duten nahasketak energia asko lapurtuko dizute, baita zure senide eta lagunei ere. Egunkariek eta Internetek askotan larritasuna eta nahasketa handitzen duten GIBari buruzko berriak plazaratzen dituzte. GIBaren kontuetan espezializatutako osasun-profesional, gizarte-eragile edo bestelako bitartekariei informazioa garbia eskatzeko gomendatzen dizugu.

Sexu-transmisiozko infekzioak ustez menderatuta zituen munduan infekzioaren ezusteko agerpenak, honen larritasun mailak eta infekzioa berria izanagatik zegoen ezaguera zientifikoaren faltak eragin zituen, hasiera batean, GIBaren beste transmisio bideen inguruko presazko informazio nahasiak.

Aspalditik transmisio-bideak ezin hobeto zehaztu dira, beraz, zurrumurruak betiko erbesteratu daitezke.

GIBaren infekzioa listuarekin, eltxo-ziztadekin, azal kontakturekin edota odola emateko prozesuekin lotu izan da modu okerrean. Lotura guzti hauek faltsuak dira.

GIBaren transmisio bideak argi izatea ezinbestekoa da prebentzio-neurri egokiak hartu eta gertaeren ulermena zein osasun-jokaera zuzen bat hartzea zailtzen duten akatsak alboratzeko.

ERRUDUNTASUN-SENTIMENDUAK
Beste bide batzuen artean, GIBa sexu-harremanen bitartez eta droga-kontsumoan eman daitezkeen xiringa trukearen bitartez transmititzeko aukerak erruduntasun eta nahasketa sentimenduak sor ditzake GIBdunengan.

Gainera, zure bizimodua sozialki gaitzesgarria den zerbaitekin edota heriotzarekin bidegabeki lotu daiteke. Kontu hauek diskriminazioa eta bazterketa sor dezakete. Gizartearen erreakzio hauek mingarriak izan daitezke GIBarekin bizi direnentzat, baita euren bikote senide eta lagunentzat ere.

 GAITZESPENA ETA DISKRIMINAZIOA

Estigma eta diskriminazioa

Bere jatorrietan, Hiesa konnotazio negatibodun irudiekin eta metaforekin erlazionatu zen, aldez aurretik bazterturiko kolektiboenganako diskriminazio jarrerak indartuz.

Historian zehar desberdintasunarekiko beldurra ezarri da gizartean. Diskriminazioa eta estigma aurreiritzi eta orokortzeetan oinarritzen dira, hau da, pertsona bat zer den, zer bizi edo sentitzen duen kontutan hartu gabe emandako iritzietan.

Askotan, GIB/Hiesarekin bizi diren pertsonekiko tratua eta euren eskubideak defendatzeko zailtasunak ezjakintasunean eta gizartetik ikasitako beldurrean oinarritzen dira, baita infekzioarekiko eta heriotzarekiko beldurrean ere.

Komunikabideek funtsezko papera izan dute, beste faktoreekin batera, GIB eta Hiesaren errealitate soziala osatzen duten imajinario eta irudikapen hauen eraikuntzan. Beldurrak, baztertzeak eta ezjakintasunak GIBdunenganako estigma eta diskriminazioa eragin dute. Egoera honek   GIBdunen eskubideen defentsan eta diskriminazioaren kontrako borrokan lan izugarria burutu duen mugimendu asoziatibo sendo bat ekarri zuen.

GIB/Hiesarekin bizi direnen eta sektore honetako GKE-en lorpenak nabarmenak izan dira baina bide luzea dago aurretik.

1989ko Hiesa eta Giza Eskubideen Lehen Nazioarteko kontsultatik hona, diskriminazioaren aurkako borroka ez da giza-eskubideetan oinarritutako nazioarteko gizartearen egitura etiko eta arauemailetik ondorioztatutako eskaera soil bat izan, epidemiaren aurkako borrokan oinarrizko elementu bat baizik.

Beldurrik gabe bizitzea

GIBdunek jasaten dituzten estigma eta diskriminazio egoerak giza eskubideen urratzearekin harremanduta daude oinarrian, hau ez gertatzeko beharrezko neurriak justifikatzen ditu eta azken hauek martxan jarri behar dira.

Komunikabideek iritzi publikoan duten eragina eztabaidaezina da. Hargatik, aipaturiko informazioaren tratamenduaren eta erabiltzen diren irudi zein mezuen garrantzia, eta darabilkigun gaiaren errealitatearen isla egokia helarazteko beharra.   Komunikabideak, milioika pertsonengana iristeko duten ahalmenari esker, informazioa biderkatzen duten transmisio-kanal gisa egituratuta daude. Hori dela eta, komunikabideekin langintza burutu behar da GIBaren inguruko irudi duin eta objektiboa eman dezaten, eta gizartean duten heziketa inpaktua ikusita, kontzientziazio eta sentsibilizazio jarduerak burutu ditzaten.

GIBaren inguruko heziketa eta solidaritatearen sustapena burutu behar da balioak eta hiritartasuna oinarri dituen heziketa-sisteman.

Herri-osasunaren ikuspuntutik, oinarrizko eskubideen urraketa izateaz gain, estigma oztopo izugarria da GIBaren prebentzio eta tratamenduan, praktika arriskutsuak (seropositibo-tasuna onartzeko beldurra, GIBaren proba burutzeko beldurra, egoera zaurgarriagoetan dauden pertsonen praktika arriskutsuen ezkutatzea) bultzatu eta epidemiaren zabalkundea erraztuz. Era berean, estigma eta diskriminazioak GIBaren ikusezintasuna sustatzen dute, GIBaren zainketa epidemiologikoa eta prebentzio eta kontrol programei zailtasunak erantsiz.

Beraz, GIB/Hiesak berezitasun hori du beste gaixotasunekiko, GIBdunekiko estigma eta diskriminazioa atxikita dituela, beraiek eta populazio orokorra zaurgarriago bihurtuz. Faktore hauek desagertu bitartean, GIBaren abordatzeak ezohikoa eta integrala behar du.

Informazio, aholku, trebetasunen eskuratze eta eragindako pertsonekin kontaktua izatea bezalako estrategia anitzek estigma gutxitzen dutela erakusten duten ikerketak daude.

Populazio orokorrarekin (egiaztatutako estigma eta diskriminazioa), GIBarekin bizi diren pertsonekin (estigma nabaria) zein osasun erakunde/erakunde sozial profesionalekin (prebentzioa, egiaztatutako estigma edo estigma nabariaren aurkako sentsibilizazio eta esku-hartzea) lan egin behar da.

2007ko martxoan, Europar Batasuneko Gobernuaren ordezkari eta ministroek, artean Espainiakoek, “giza eskubideak bermatu eta bultzatzeko, behar denean, legeak egin, errespetatu eta esku hartzeko” konpromisoa hartu dute Bremenen, “ batez ere GIB/Hiesarekin bizi diren pertsonen edota epidemiak Europa eta inguruko lurraldeetan eragin dituenenganako estigma eta diskriminazioaren aurkako borroka: droga injektatzen duten pertsonak eta euren bikoteak, gizonezkoekin sexu harremanak dituzten gizonezkoak, gazteak, emakumeak, etorkinak, umeak, espetxean daudenak, prostituzioan diharduten gizon-emakumeak”.

Pertsonen eskubideak defendatzen diharduten erakundeekin, autonomia-erkidego zein GKEekin koordinatuki lan egitea ezinbestekoa da GIBdunekiko diskriminazioa ematen den egoeren aurrean estrategia egokiak sortzeko.

Ingurune soziala
Infekzioa izateak dituen ondorio sozialen inguruan nahikoa al dakigu? Ba al dakigu. aurreiritzi eta diskriminazioz beteriko munduan infekzioa dutenak nola bizi eta sentitzen diren? Ba al dakigu infekzioa duen pertsona bat nola tratatu behar den? Ba al dakigu egoerari nola aurre egin behar zaion?

Gutako bakoitzaren erantzukizuna da, zifra eta zenbakiez harago, munduan gertatzen dena ezagutzea, infekzioa dutenen sentimenduak ulertzen saiatzea.

GIBa arazo sozial eta emozional batzuen eragile izan daiteke. Arazo emozionalen barruan beldurra, etorkizunarekiko ziurgabetasuna, infekzioarekiko, norberarekiko edo osasun agenteekiko amorru edo haserrea aurki ditzakegu. Etsipenaren edo galeraren sentimenduak izan ohi dira, erruduntasun eta lotsaren arteko etengabeko borroka bat.

Arazo sozialen barruan koka dezakegu diagnostikoa jaso ostean pertsonen eta inguruaren erantzunei aurre egin behar izatea. Familiarentzako zaila izaten da, atsekabetuta sentituko dira, haserre, nahastuta, minduta edota ustekabeko egoera baten aurrean. GIBarekin bizi denarekiko gaitzespen-mezuek bakardade handia eragin dezakete, bizitzan garrantzitsuak diren askorekin harremana hausteraino.

GIBaren diagnostikoaren aurrean gizarteak duen erreakzioa beldur eta ezjakintasunetik abiatu eta gaitzespen edo ukapenera iritsi daiteke. GIBduna, beraz, ez dabil diagnostiko osteko bere emozioekin borrokan soilik, askotan infekzioaren arrazoi eta jatorriaren inguruan desberdinak diren gizartearen jarrera eta pentsamenduarekin topatzen da. Oso zaila izan daiteke presio sozial honen kargarekin zein GIBdun izatearen emozio eta estresarekin bizitzea.

ZEINI ESANGO DIOT? ZEINI EZ?

Gertatzen zaizuna inork ez jakiteko nahia sentituko duzu askotan, denengandik bakartzeraino, eta beste batzuetan mundu guztiari kontatu nahiko diozu. Ohiko erreakziok dira hauek.

Argi eduki behar duzu ez zaudela zure egoera berri honen inguruko argibideak ematera behartuta. Zuk erabaki behar duzu zeini, nola eta zein momentuetan azaldu. Sexu-harremanak mantentzean, bikotea zein zure burua infekzio berrietatik nola babestu ere erabaki beharko duzu. GIBdun batzuek egoeraren berri ematen diote familia zein lagunei, beste batzuk nahiago dute egoera berriaren inguruan laguntza-talde batekin hitz egin.   Erabaki zaila da eta horregatik asko dira baztertuak izatearen beldurragatik gaiaren inguruan hitz egiteari uko egiten diotenak.

Ez dago GIBarekin bizi zarela esateko formula perfektu edo magikorik, ezta zure konfiantzazko pertsonek nola erantzungo duten jakiteko ere.

Zure kezka, beldur edo ondoezak pertsona batekin edo batzuekin elkarbanatzea garrantzitsua da. Honek egoera berrira ohitzen lagunduko dizu. Erabilgarria izan daiteke, beste GIBdunekin harremanetan jartzeko, adibidez, Hiesaren Aurkako edo Auto-Babes Komisio ezberdinen bidez.

Zure sentimenduak partekatzen dituzun horiekin konfiantzazko harremana izatea komeni da. Pentsatu ezazu zeintzuk diren pertsona garrantzitsuak zuretzat eta zergatik diren. Normalean eta hasiera batean, gutxi batzuei soilik kontatuko diezu birusaren eramaile zarela. Zuretzako zer esan nahi duen eta zein babes mota jaso nahi duzun konta diezaiekezu. Garrantzitsua da zeini kontatu nahi diozun erabakitzea, baita zer kontatu nahi duzuen ere.

Ostean, jende gehiagori kontatu nahi diozun erabaki beharko duzu. Gogoratu lehen erreakzioak gogorrak izan daitezkeela, pertsona horiek ere beldurra, nahastea eta mina sentitu dezaketelako. Posible da nahi duzun babesa jasotzeko beste pertsonek ere denbora behar izatea, beraz, hasiera batean baztertuta sentitzea ohikoa da.

Batzuetan jendea ez da lagun edo senide bat GIBdun dela jasateko gai; batez ere zuretzako euskarri garrantzitsu zirenak. Horrek mina ematen du! Bestalde, kontutan ez zenituen pertsona asko euskarri garrantzitsu bilakatu daitezke.

GIBdunek zein hauen inguruko pertsonek prozesua euren modura bizi dute eta zaila izan daiteke hau elkarbanatzea. Pertsona bat triste edo lur jota sentitu daiteke adibidez, eta bestea, haserre. Aldarte-desberdintasun honek ulertezintasuna sor dezake, eta ondorioz, bakardadea. Hau ekiditeko, saiatu ingurukoari arreta jartzen, eragiten saiatu gabe eta gertatzen zaiona ukatu gabe.

Gure gizartean sentimendu sendoak ukatzeko edo arintzeko joera dugu. Askotan, pertsonak gu lasaitzen saiatuko dira. Kontutan izan behar da, zenbaitetan, halako jarrerek asimilazio prozesua zaildu dezaketela, sentimenduak adieraztea ezinbestekoa baita prozesu bat asimilatzeko.

NOLA BIZI GIBAREKIN?

Lehen kolpea asimilatu ondoren, hurrengo galdera dator: Nola bizi GIBarekin?

Badirudi GIBak indargabe sentiarazten gaituela. Gure mendebaldeko kulturan, gaixotasuna gainditzen ikasi dugu honekin bizitzen baino. Gaixotasun bat sendatzeko ezintasunak honekiko indargabe sentiarazten gaitu. Hutsaltasun, irrealtasun, larritasun, etsipen eta nahasiak diren beste sentimendu asko izan ditzakezu. Munduak guztiz ezberdina dirudi.

Mina eta etsipena hain handia da batzuetan bakarrik eta etsipenak jota sentituko zarela. Baina zenbaitetan, mina eta nahasmena bigarren plano batera pasako dira, onarpenerako pauso txiki bat emanez, gertatzen zaizuna pixkanaka onartu eta zure bizitzan zer nahi duzun eta zen nahi ez duzun ulertzeraino.

GIBak emozio pila pizten ditu eta gure gizarteak sexualitateari, gaixotasunari eta heriotzari nola aurre egiten dion erakusten digu. Zailak eta mingarriak diren alderdi guzti hauek alderatuta, GIBak eragin positiboa izan dezake zenbaiten bizitzan. Aberastu egiten dute batzuetan, harremanak sendotu, babes, intimitate eta maitasun gehiago elkarbanarazi. Hau ez da GIBaren ondorio bat, pertsonek GIBarekin bizitzeko duten moduaren ondorio baizik.

Beharbada, GIBarekin bizitzea erronka handi bat izan daiteke gertaeraren inguruko denentzat. Gure bizitzan zehar jasandako edozein krisi motak ikasteko, hazteko, birsortzeko eta modu berri batean bizitzeko aukera eman diezaguke.

LAGUNTZA TALDEAK

GIBari aurre egitea latza izan daiteke, itota sentitzeraino, eta zentzu honetan, profesional bati laguntza eskatzea onuragarria izan daiteke.

Gogoan izan laguntza jasotzeko eskubidea duzula, laguntza eskatzeak ez dizula inolako lotsarik eragin behar, beharrezko babesa bilatu behar duzu. Laguntza eskatzea ez da ahultasunaren adierazgarri bat, independentziaren erakusle bat baizik, zu baitzara denak ahalik eta hoberen funtzionatzeko ardura hartzen duena. Laguntza eskatzea prozesu baten zati bat da, zailtasunei aurre egin eta hobeto sentitzeko nahi bat. Zentzu horretan, garaipen bat da, ez porrota.

Laguntza eskatzeak alderdi positiboak ditu:

  • Laguntza eskatu diozunari zure konfiantza eskaintzen diozu. Finean, oso pertsonala den zerbait elkarbanatzen ari zara.
  • Iada ez zaude bakarrik GIBaren aurkako borrokan.
  • Laguntzen zaituen pertsonarekin duzun harremana sendotu egiten da normalean. Besteei ere zuregatik zerbait egiteko aukera atsegina zaie.
  • Beste gauzak egiteko energia eta denbora gehiago izango duzu.

Beste GIBdunekin eta Auto-laguntza taldeekin harremanetan jartzea laguntza handia izan daiteke. Informazio gehiago nahi baduzu, Hiesaren Aurkako erakunde, Auto-laguntza talde edo halako beste eskaintzen dituzten erakundeekin harremanetan jarri. Espainian GIBaren inguruko elkarte gehienek halako laguntza eskaintzen dute, edo leku egokiago baterako gomendioa eman.

Auto-laguntza talde gehienak Hiesaren Aurkako Herritarren Komisio eta Elkarteen barne daude. Talde hauek GIBdunen arteko harremanak eta eurak inork baino hobeto ezagutzen dituzten esperientzia partekatzeak errazten dituzte. Honek berebiziko garrantzia du seropositibo izatea, baztertze eta diskriminazioaren beldur, modu aldendu batean bizi duten horientzat, senide eta lagunak larritu nahi ez dituzten horientzat.

Auto-laguntza taldeetan zure kezken inguruan libreki aritzeko aukera izango duzu, baita pertsona bakoitzak seropositibo izateari nola aurre egiten dion ezagutzeko aukera ere. Talde bakoitzak bere oinarrizko funtzionamendu arauak ditu eta hitza errespetatu eta elkarbizitza errazteko helburua dute.

Auto-laguntza jarduerak astean behin izaten diren parte hartzaileek moderatutako talde bileretan oinarritzen dira. Beste kasu batzuetan kontseilari, psikologo, langile sozial edo bestelako profesional batek burutzen du lan hau. Edonola, bilera hauek babes iturri dira. Esperientziak elkarbanatuz, parte hartzaileek seropositibotasunari aurre egiteko eta bizitzeko modu ezberdinak ezagutzen dituzte. Era berean, informazio iturri garrantzitsu dira, izan ere, giza harremanak eta gogo-aldarteak lantzeaz gain, bizi kalitatearekin harremanduta dauden gaiak jorratzen baitira. Elikadura, zaintza fisikoa, tratamenduak, sexu segurua, erlaxazioa eta bestelakoak ere lantzen dira.

Auto-laguntza bilerekin batera, talde batzuek elikadura, auto-babesa, erlaxazio teknika eta bestelakoen inguruko formazio mintegiak antolatzen dituzte. Ibilaldiak, festak eta bideo-forumak bezalako jarduera sozialak ere burutzen dituzte.

GIBarekin bizi direnek elkarri eman diezaioketen laguntza oso erabilgarria izan daiteke, zure egoeran ez dauden horiek ulertu ezin ditzaketen gauzak elkarbanatzeko aukera ematen baitu. Lagunen babes hau modu antolatuan burutu daiteke babes eta eztabaida taldeen bitartez. Zure arazo bera duten pertsonak ezagutzeko aukera ere izango duzu GIBarekin bizi direnen elkarteetan.

SEXUALITATEA

Nahiz eta sexuak zentzu desberdinak dituen pertsonaren arabera, intimitatearekin, samurtasunarekin, desirarekin, irrikarekin eta maitasunarekin lotutako zerbait da. Sexua ere bada berotasuna jaso eta emateko modu bat, plazer fisikoa aurkitu eta erlaxatzeko modu bat, eta gutako bakoitzaren bizitzako zati garrantzitsu ere bai.

Besteekin ditugun harremanetan maitasunaz, desiraz eta beldurrez arituko gara, baita norberaren neurriko sexualitate osoaz nola gozatzearen inguruan ere.

Garai honetan, argi dago seropositiboei soilik bideratutako mezuak ez direla existitzen, eta gure mezu eta informazioa sexu harremanak izango dituzten guztiei helarazi behar dizkiegula. Edozein kasutan, argi izan behar duzue, bai zuk eta zure bikoteak, tratamendu antiretrobiralak ez duela birusaren transmisioa galarazten.

Batzuetan, GIBduna zarela jakin ostean, posible da harreman intimoak ez edukitzeko gogoa sentitzea. Haientzat sexua bukatu dela pentsatzen dutenak asko dira, irrika sexualaren gutxitzea jasateraino. Posible da GIBa zure bikote sexualei transmititzeko beldurra sentitzea, edo kontu hauen inguruan zalantzak eta ziurtasun eza izatea. Kasu hauetan sexuarekiko interesa nabarmenki gutxitzea posible da edota infekzioak atxikita dituen erru eta lotsa sentimenduak indartzea.

Sexu-harreman seguruak mantentzea gomendagarria da beti, bikotea GIBdun izan ala ez. Sexu seguruago baten kontzeptua ez da gure bikoteekiko babesa soilik, norbera ere babesten du hartzen ari zaren medikazioaz gaindi eman daitezkeen beste birusen ber-infekziotik, eta beste STIetatik.

GIBduna bazara jakin behar duzu:

  •        Ber-infekzioaren aukera badela, GIB mota ezberdinak daudelako. Zure sistema immunitarioak infekzio berri bati aurre egin beharko dio.
  • STIak transmititu diezazkizute. Sexu segurua praktikatuz gero, mota honetako infekzioak transmititzeko arriskuak murritzen dira, sifilisa eta gonorrea adib.Infekzio hauek zure sistema immunitarioa aktibatzen dute, beraz, posible da GIBa biderkatzea. Sexu seguruarekin ez duzu zure bikotea soilik babesten, zeure burua ere bai.
  •        Sexua praktikatzen jarraitu ahal izango modu normalean, zu eta zure bikote sexualak babesten.

Beste pertsona bat infektatzeko beldurra
Beharbada beste pertsona bat infektatzeko beldurra izango duzu. Kasu askotan GIBduna zarela jakitea nahikoa da kontaktu sexual seguruagoak izateko erantzukizuna ager dadin. Gainera, gaur egun, tratamenduarekiko atxikimendu zuzena eta karga biral detektaezina baduzu, beste pertsona batekiko transmisio aukerak 0 tik gertukoak dira.

Noiz esan bikoteari GIBduna zarela?

Diagnostikoaren orduan bikote egonkorra baduzu zure lehen kezketako bat zer eta nola esatea izango da. Bikote batzuentzat emaitza aurrez ikusgarria izan daiteke baina beste batzuentzat ezustean etor daiteke, une zail asko eragingo dituelarik. Zure bikotea informazio hau jasotzeko prest ez dagoela pentsatzen baduzu, beharbada ezin duzu lehen une hauetan behar eta espero duzun laguntza jaso. Kasu honetan, garrantzitsua izango da elkarri denbora apur bat ematea egoera ulertu eta onartzeko.

Berria bikotearekin elkarbanatu baino lehen, hartu ezazu tarte bat noiz eta nola egin behar duzun pentsatzeko. Zenbaitetan, lagun, zure mediku, babes talde edo elkarte batekin sexualitatearen inguruko kezkez aritzeak erabaki zailak hartzen lagundu diezazuke.

Bikote egonkorrik ez baduzu, eta zure bikoteak noizbehinkakoak badira, oso garrantzitsua da zuen topaketetan izango duzun jarrera denborarekin pentsatzea. Batzuetan, harreman baten hasiera da hitz egiteko unerik egokiena.

Edozein kasutan, neurriak hartu eta ez ahaztu prebentzio bideen erabilera zure harreman bakoitzean.

¿Nola transmititu daiteke GIBa sexualki?

  • Infekzioa bi faktoreren mendean dago, gorputz-jariakinen eta kontaktua gertatzen den lekuaren mende.
  • Gorputz-jariakinak: transmisioa gertatu dadin birusdun jariakin bat existitu behar da (odola, semena, jariakin baginala) beste pertsona baten odolarekin edota uzkiko zein baginako mukosarekin kontaktuan. Baginak eta uzkiak mukosa ahula dute, infekzioak erraz eman daitezke.
  • Birus kantitatea: birusa kantitate nahikoan existitu behar da jariakin hauetan. Odola eta semena dira GIB maila altuena duten jariakinak, baina hilekoaren odolean eta jariakin baginalean aurki daiteke.
  • Transmisio bideak: sarrera ate bat behar da, lesio edo zauri bat, transmisioa gertatu dadin. Gure azala hesi naturala da, hondatu edo okertzen denean galtzen du soilik bere eraginkortasun babeslea.
  • Listu, malko edo izerdian: GIBa ez dago batere kontzentratuta hemen. Gorputz-jariakin hauen bitartez ezin zara infektatu.

Penetrazio anala
Penetrazio analak uzkiko paretan, ondestearen paretan edo zakilaren mukosan lesio txikiak eragin ohi ditu . GIBa lesio horien bidez barnera daiteke, hortaz, espermak zein eiakulazioaren aurreko jariakinek GIB infekzioa eragin dezakete. Hori dela eta,   babes-neurri egokirik gabeko penetrazioa anala ez praktikatzea gomendatzen da. Pertsona aktiboak zein pasiboak arriskuan egon daitezke.

Penetrazio baginala
Sarritan penetrazio baginalak lesio txikiak eragiten ditu pareta baginalean eta zakilaren mukosan, hala, esperman, eiakulazio aurreko jariakinean edota sekrezio baginalean aurkitzen den GIBa gorputzean barnera daiteke eta emakumearengan eta gizonarengan infekzioa eragin dezake.

Ahoko sexua

Ahoko sexua (aho-zakil, aho-bagina, aho-uzki kontaktua): Ahoa ez da batere inguru abegitsua GIBarentzako. Bide hau koito anal edo baginalak baino arrisku gutxiago du. Hala ere, aho bidez transmitituriko GIB kasu batzuk dokumentatu dira, beraz, ezin da esan infekzioa duen semen, jariakin baginal edota odola ahoan jasotzeak arriskurik ez duenik.

Segurtasuna lehenetsi eta beste pertsona baten ahoan ez eiakulatzea gomendatzen da, ezta beste batek zure ahoan eiakulatzea ere. Ahoan zauri edo infekzio bat baduzu, zure lagun seropositiboaren semenarekin izandako kontaktuak (batez ere zure ahoan eiakulatzen badu) infekzioa transmititu dezake. Kondoiarekin egindako felazioa segurua da.

Cunnilingusa emakumeari egindako ahoko sexua da, eta anilingusa uzki inguruan egiten dena. Burutu behar duenak lesio, zauri edo ahoko infekzio bat badu, latex hesi baten erabilpena gomendatzen da (sukaldeko film papera edo urratutako preserbatiboa) bagina estaltzeko.

Musuak, ferekak eta masajeak

Musu sakonak, ferekak, masajeak… mukosa eta azal osasuntsuekin praktikatzen badira, arriskurik gabeko praktika sexualak dira.

HAURDUNALDIA ETA GIBa

Seme-alaba bat izateko erabakia gogoeta berezia merezi duen gaia da. Erantzukizun eta konpromiso maila handia duen erabaki bat da.

¿Haurdun gera naiteke seropositiboa banaiz?

Ezinbestekoa da zure erabakia hausnartua izatea, ez duzu zure seme-alabari GIBa transmititzeko duzun arriskua ahaztu behar, ezta arrisku hau infekzioa kontrolpean mantenduta gutxitu daitekeela ere.

Zure infekzioa ondo kontrolatuta badaukazu, detektaezina den karga biralarekin eta defentsa maila optimoekin, transmisio aukerak urriak dira (%2-3 bitartean), baina ez da ahaztu behar birusa haurdunaldian eta, batez ere, erditzean transmititzeko aukerak daudela.

Haurdun geratu nahi duten emakume GIBdunek etorkizuneko seme-alabak ez infektatzeko metodo eta arriskuen inguruko aholkularitza bilatu behar dute. Medikamentu batzuen erabilerak haurra haurdunaldian zehar infektatzeko aukerak izugarri txikiagotzen ditu.

Transmisio perinatalaz hitz egiten dugunean haurdunaldian, erditzean edo amagandiko edoskitzean zehar fetuari birusa transmititzeaz ari gara.

Ama seropositiboak seme-alabari GIBa transmititzea hiru momentuetan eman daiteke:

  • Amagandiko edoskitzean.

Haurdun dauden emakume seropositiboek (GIBdunek) jakin behar dute:

  • Haurdunaldian birusaren transmisio arriskua modu eraginkorrean (%3raino) gutxitzen duten tratamendu espezifikoak daudela, garrantzizkoa dela haurdunaldiaren jarraipen mediko zehatz bat egitea.
  • GIBa transmititzeko moduetako bat erditzeko ordua izanik, bertan aurkitzen den ama odol kantitatea handiaren ondorioz, zesarea komenigarria da. .
  • Ama-esneak birusa transmititu dezakeela kontuan izanda: infektatuko amek ez dute bularra eman behar.

GIBaren infekzioaren transmisio bertikalak aldaketa garrantzitsuak izan ditu azken urteotan haurdunaldian zehar anti-retrobiralekin egindako tratamendu profilaktikoen erabilpenarekin.   Ikerketa desberdinek infekzioaren jaiste adierazgarria egiaztatzen dute ama seropositiboengandik jaiotako umeengan, eta etorkizunari begira infekzio honen transmisio bertikala oraindik gehiago gutxitzea espero da.

Noiz geratu ahal izango naiz haurdun?

Behin informazio guztia bildu ostean, zuk eta zure bikoteak, bikotea izanez gero, aukeratuko duzue une egokiena.

Gogoan izan zure eta zure etorkizuneko seme-alabaren osasunarentzako arriskuak saihesteko komeni dela:

  • T CD4 defentsen kopuruaren eta karga biralaren inguruko datuak jakiteko aldizkako kontrol medikoak burutzea, haurdunaldian sistema immunitario ahul bat edukitzeak osasuna okertu dezakeelako..
  • Haurdunaldia oztopatu dezakeen beste antzeko patologiarik ez izatea (gaixotasun oportunistak, STIak, mendekotasuna sortzen duten substantziekin loturiko arazoak…)

Nire seme-alabari bularra eman diezaioket?
Ama esnearen bitartez GIBa transmititzeko arriskua dago, beraz, amagandiko edoskitzea saihestu behar da.

ELIKADURA
Sarritan ez dira kontutan hartu elikadurarekin lotutako alderdiak GIB/Hiesa infekzioaren inguruan aritzean, arreta tratamendu farmakologikoei eta alderdi bereziki klinikoei eman zaie, elikaduraren garrantzia ahaztuz; Garrantzi hau infekzioaren lehen etapetatik agerikoa da eta gabezi nutrizionalak saihesten ditu, elikadura osasuntsu eta orekatu batek gorputzaren pisua eta egoera on orokorra mantentzen laguntzen duelarik.

Infekzioan zehar ematen diren GIB/Hiesarekin lotutako egoera kliniko desberdinek malnutrizio arriskua nabarmen areagotzen dute eta elikagaien kontsumo, digestio eta ustiapenean eragiten dute. Ahoko eta digestio-traktuko infekzioak, goragaleak edo gonbitoak, beherakoa eta pisu galera jasangarriagoak dira nutrizio-egoera on batekin.

Elikadura on batek GIBaren aurkako prebentzioaren zein Hiesaren sendatzean eraginik izan ez arren, elikadura orekatu batek sistema immunitarioa indartzen du eta energia mailak areagotu, organismoa infekzioaren efektuen aurrean indartsuago izateraino.

Era egokian burututako elikadura-nutrizio tandemak pazientearen nutrizio egoera mantendu edo hobetzen du, hondatzea ekidin eta infekzioaren garapenean sortu daitezkeen sintomak arintzen ditu, bere bizi kalitatean hobekuntza nabarmena lortuz.

ARIKETA FISIKOA

Elikadura onak, tratamendu mediko egokiak eta neurrian egindako ariketa programa ordenatu batek izugarri hobetu dezake GIBdun baten bizi kalitatea eta ongizate sentsazioa indartzeko.

Zer etekin ematen dizkigu ariketak?
■ Masa muskularra, erresistentzia eta malgutasuna areagotzen du.
■ Estresa, antsietatea eta depresioa arintzen du.
■ Loa eta hesteetako funtzioak hobetzen ditu.
■ Birika-kardio funtzioak hobetzen ditu.
■ Apetitua areagotzen du..
■ Lipodistrofiarekin lotutako sintoma batzuk arintzen ditu.

Sistema immunologiko mailan, endorfina izeneko sustantzia kimiko batzuk askatzen dira ariketa egitean, leukozito eta T zelulen maila hobetuz. Garrantzitsua da ariketa neurrian egitea, esfortzuak immunodepresioa indartzen baitu.

Hasieran ohikoa da inoiz ariketa fisikorik egin ez dutenei kostatzea, baina laster nabarituko dituzte aldeko efektuak; tarte baten ostean ongizate sentsazioa sentituko dute.

Gimnasio batera apuntatuz gero, komeni da entrenatzaile fisikoarekin hitz egin eta zuretzako egokia den ariketa programa bat sortzea.

Neurrian hasi, astean hiru aldiz adibidez. Honek lau eguneko atseden eta errekuperazio tartea emango dizu. Saio bakoitza 5-10 minutuko beroketarekin hasi daiteke: luzaketak eta ibiltzea, adibidez.

Jarraian ariketa aerobikoak: footinga, ibilketa, bizikleta eta gutxienez 20 minutuz burutu daitezken eta gustuko dituzun beste jarduerak.

Saia zaitez pisuak eta erresistentzia-ariketak sartzen: muskulu uzkurduren errepikapen ziklikoak burutu. Pisu arinekin hasi eta pixkanaka handitzen joan.

Saio bakoitza bost minutuko luzaketa eta erlaxazio-ariketekin amaitu.

GIBarekin BIZI DIRENEN ESKUBIDEAK

  • GIBdunek beste edozein pertsonen pareko eskubide eta betebeharrak dituzte.
  • Inork ez du inoren askatasun eta eskubideak mugatzeko eskubiderik GIBduna izateagatik, bere arraza, jatorria, erlijioa edota sexu orientazioa edozein dela ere.
  • GIBarekin bizi den edonor ez da isolamendu, koarentena edo bestelako edozein diskriminazio mota pean egongo.
  • GIBarekin bizi den orok bizitza sozialaren alor guztietan parte hartzeko eskubidea du. GIBdunei lanpostu, etxebizitza, laguntza edota jarduera kolektiboetan parte hartzeko aukera ukatu edo zailtzen dioten edozein jarrera diskriminatzailetzat jo eta legez zigortu behar da.
  • GIBarekin bizi den orok bere bizitza zibila, profesionala, sexuala eta afektiboa garatzeko eskubidea du. Inolako jarrerek ezin dituzte bere hiritartasun eskubideak urratu.
  • Pertsona guztiek dute GIBaren inguruko informazio garbi, zehatz eta zientifikoa jasotzeko eskubidea, inolako mugarik gabe. GIBarekin bizi direnek euren kondizioaren inguruko informazio zehatza izateko eskubidea dute.
  • Ez da inor indarrez behartuko GIBaren detekzio probara. Hauek helburu diagnostikoetarako, transfusio edo transplanteen kontrolerako edota ikerketa epidemiologikoetarako erabiliko dira soilik, inoiz ez pertsona edo populazioaren kontrolerako. Analisien kasu guztietan, interesa dutenek, profesional aditu baten informazioa jaso beharko dute.
  • GIBarekin bizi den orok bere osasun egoera edo analisien emaitza nahi duenari soilik kontatzeko eskubidea du.
  • Laguntza zein zerbitzu mediko guztiek GIBdunen pribatutasuna bermatu behar dute.
  • GIBarekin bizi den orok, bere bizi kalitatea hobetze aldera,   inolako mugarik gabeko laguntza eta tratamendurako eskubidea du.
  • Pertsona guztiek dute, analisi zehatz baten ostean eta GIB eza bermatu ostean, odola, hemoderivado, organo eta ehunak jasotzeko eskubidea.

GIB/Hiesa eta Giza-Eskubideak

Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen testuinguruan kokatuz, Hiesaren arazoari Giza-Eskubideen ikuspegitik lantzeak fenomeno honen oinarrien sorrera eta garapena ulertzen laguntzen du. GIB/Hiesa epidemiaren hedadurak eta honen aurrean populazio talde batzuek duten zaurgarritasun altuak eskubide indibidual eta sozialak izaterako orduan dauden marjinazio eta parekotasun ezaren erakusle dira.

Zentzu honetan, GIB ez da osasun-arazo bat soilik, norbanakoaren bizitzaren alderdi guztietan eta gizarte baten garapen aukeretan eragiten duen arazo soziala da, beraz, abordatze integrala esakini behar zaio .

Osasunerako eskubideak pertsonaren duintasunari eta eskubide subjektu egoerari eragiten die. Gizaki orok behar du eskubide hau modu eraginkor, berdin eta diskriminaziorik gabe jasotzeko bermea.

Estatua da pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko arduraduna, beraz, aukera-berdintasunean oinarritutako osasun babes sistema bat eskaini behar du ahalik eta osasun maila altuenaz gozatzeko. Honek gaixotasun epidemikoen prebentzio eta tratamenduak eta hauen aurkako borrokak bere gain hartzen ditu, baita gaixotasun egoeran zerbitzu sanitario zein tratamendu medikoen eskuragarritasuna ere.

Bere aldetik, sozietate zibilak konpromisoa du populazioaren eskubideen bermatzaile gisa. Hala ere, eta Hiesaren arazoari dagokionez, pentsamendu diskriminatzaile bat ezarri da gizartean, ezaugarri fisiko eta biologiko batzuk nabarmendu dituena (sexu, adin, etnia, sexu aukera etb.) eta rol sozialetan desberdintasunak ezartzen dituena.

Desberdintasun hauek gutxiagotasun edo desparekotasun egoera bezala balioesten dira, “desberdintzat” jotzen diren talde horiei, eskubide subjektu izatea ukatuz, ongizatean eta duintasunean bizitzeko zailtasunak ezarriz.

Osasuna eta ongizatea ezin dira diskriminaziotik, baztertzetik eta desberdintasunetan oinarritutako tratu txarretik eraiki.

Historian zehar, desberdintasunekiko beldurra ezarri da gizartean. Diskriminazioa eta estigma aurreiritzi eta orokortzean oinarritzen dira, hau da, pertsona bat zer den, zer bizi edo sentitzen duen kontutan hartu gabe emandako iritzietan.

Askotan, GIB/Hiesarekin bizi diren pertsonekiko tratua eta euren eskubideak defendatzeko zailtasunak ezjakintasun eta gizartean ikasitako beldurrean oinarritzen dira, baita gaixotasunari eta heriotzari zaion beldurrean ere.

GIB/Hiesarekin bizi direnen oinarrizko eskubide batzuk:

  • Pertsona duin moduan tratua eta onarpena jasotzeko eskubidea.
  • Osasun egoera ezagutu eta infekzioaren inguruko erantzunak egiatasun eta argitasunez jasotzeko eskubidea.
  • Infekzioaren tratamenduan eragina duten prozeduren inguruan iritzia emateko eskubidea.
  • Bakarrik ez egoteko eskubidea. Babesa eta euskarriak jasotzeko eskubidea.
  • Beldurrak eta larritasunak sentitu eta adierazteko eskubidea.

Bakoitzaren beharrak modu integralean kontutan hartzeko eskubidea.

Sarrera hau ikusgai ere:

Utzi iruzkin bat

Your email address will not be published. Required fields are marked *